Kriminalizazioa

igandea, abuztua 21, 2016 MrG 0 Comments

2015eko Otsailean Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Askapena eta Askapeña konpartsa legez kanporatzeko eta bost kideren kontra seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen.
 
Horren aurrean badugu zer esan; egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea eta herrien arteko xamurtasuna lantzea dela.  
 
Auzitegi Nazionalak egin duen Askapena erakunde internazionalista eta Askapeña konpartsaren disoluzio eskaeraren aurrean erantzun irmo, argi eta ahobatekoa eman beharra dago. Askapeña konpartsaren aurkako agresioa Euskal Herri osoko jai herrikoien kontrako erasoa da. Ez da lehenengo erasoa, bai ordea jaiak bizitzeko gure eredu alternatibo honek jasan duen eraso larriena delakoan gaude. Jaietan izan eta egoteko modu ezberdin horren flotazio-marrari erasoa da Askapeñaren aurkakoa.

Ez da zigorraldi edo etenaldi bat Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Askapeñari eskatzen diguna zeren behin betiko desagerrazi nahi gaituzte. Ez dugu ulertzen akusazioaren zergatia modu publiko eta irekian lan egiten dugunean helburu bakarrarekin: Bilbon jai herrikoiak defendatu eta sustatzea, mundu hobe, justuago eta solidarioago baten aldarrikapenaren barnean. Ezkutatzeko ezer ez dugu, internazionalistak gara eta jaia maite dugu, zeharo sinplea da.
 
Zailtasun eta traben aurrean lanean jarraituko du Askapeña konpartsak eta Kontrakoak kontrako gure eguneroko lan horretan arituko gara. Atzerantz salto egiten duen denboraren makinan harrapatuta gaudela dirudi. Elkartasuna ez da delitua.

Askapeñak eta beste konpartsok lan egiten jarraituko dugu, 1978tik hona egin dugun bezala, jai herrikoiak, parte-hartzaileak, parekideak, iraunkorrak eta euskaldunak egiteko. Hain arrakasta handia duen eta, urtez urte, Bilbon, Iruñan, Gasteizen zein Donostian berresten den jai eredua.

Askapeñaren lana lan politikoa da, jai eredu eta esparru konkretu baten barruan burutzen dena eta noski horrek askoren gustokoa ez omen dela bistakoa da eta honelako trikimailuz eraso egiten dute jai eredua. Bada, esandakoa. Jarraitzen eta jarraituko dugu elkartasuna hertsatzen ez duten jai herrikoien alde lanean, eta hori ezin da ilegalizatu, jai herrikoiak ezin dira ilegalizatu. Auzitegi Nazionala beste garai bateko tribunala da eta egunez egun gero eta argiago dago lekuz kanpo dagoela darabilten inkizisio politikoa.