Bilboko Aste Nagusian eraso sexista bat izan dela salatu dute

asteartea, abuztua 25, 2015 Manex Duo Larrauri 0 Comments

Bilboko Konpartsak taldeak salatu duenez, eraso sexista izan da Bilbon, Aste Nagusia 2015ean, eta elkarretaratzea deitu dute, gertaturikoa arbuiatzeko, arratsaldeko seietarako Arriaga plazan. Gainera, eltze-joaldia egingo dute, gauerdian, txosna-gunean. Auzia bere gain hartu du EAEko Auzitegi Nagusiko Adingabeen Fiskaltzak.

Ohar batean, Bilboko Konpartsak taldeak esan du igande goizaldean emakume bat "bortizki jipoitua" izan zela, eta inguruan egon ziren pertsonen artean gizona menderatzen saiatu zirela. Horren ostean, Udaltzaingoak erasotzailea atxilotu zuen. Dirudienez, adingabe batek muturrekoa eman zion 17 urteko bikotekide ohiari.

"Bilboko konpartsa guztiek, Bilboko Konpartsetan batuta, jaia leku segurua eta erasoz askea izatea nahi dugu", dio agiriak. "Edozein motatako matxismo, sexismo, homofobia, lesbofobia edo arrazakeria jokaera ez da onartuko jai-gunean".
"Bereziki uste dugu emakumeek jaiaz eta espazio publikoaz gozatzeko eskubidea daukagula inork gogaitu barik", nabarmendu dute konpartsek.

Hainbat egoera salagarri
Bilboko Konpartsak, halaber, ohartarazten du "hainbat egoera salagarri ere ematen ari direla Aste Nagusian zehar: jazarpen egoerak eta irainak, batetik, eta eraso saiakera bat ere, bestetik". Goraipatu nahi dute indarkeria sexistaren aurkako lanean jarrera aktiboa izaten ari diren konpartsakide zein pertsonak, "eta berriro azpimarratu beharra dugu aktiboki erantzuna ematea eta esku-hartzea ezinbestekoa dela erasoak ekiditeko".

Hortaz, elkarretaratzea deitu dute, 18:00etarako, Arriaga plazan, eta eltze-joaldia ere, 00:00etatik aurrera, txosna-gunean, "berriro ere, indarkeria sexistarik gabeko Aste Nagusia nahi dugula aldarrikatzeko".

0 comentarios: