Egotzi ahal diguten delitu bakarra internazionalistak izatea da

asteartea, maiatza 26, 2015 MrG 0 Comments


Auzitegi Nazionalak egin duen Askapena erakunde internazionalista eta Askapeña konpartsaren disoluzio eskaeraren aurrean, gaur "erantzun irmo, argi eta ahobatekoa" eman nahi izan dute hainbat jai herrikoietako eragilek. Askapeña konpartsaren aurkako "agresioa", "Euskal Herri osoko jai herrikoien kontrako erasotzat jo dute". Ez da lehenengo erasoa, bai ordea "jaiak bizitzeko gure eredu alternatibo honek" jasan duen eraso "larriena", gaurko agerraldian Askapeña konpartsako Sarai Martinek adierazi duenez. "Jaietan izan eta egoteko modu ezberdin horren flotazio-marrari erasoa da" Askapeñaren aurkakoa, eta haren aurrean, "konpartsa guztien erantzun irmo, argi eta ahobatekoak bakarrik dauka lekua".

Ez da zigorraldi edo etenaldi bat Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Askapeñari eskatzen diona, "behin betiko desagerrazi nahi gaituzte", erantsi du Martinek. Ez dute ulertzen konpartsakideek akusazioaren zergatia "modu publiko eta irekian" lan egin dutenean xede bakarrarekin: "Bilbon jai herrikoiak defendatu eta sustatzea, mundu hobe, justuago eta solidarioago baten aldarrikapenaren barnean". Ezkutatzeko ezer ez dutela diote, "internazionalistak gara eta jaia maite dugu". Zailtasun eta traben aurrean lanean jarraitzeko prest agertu da Askapeña konpartsa: "Kontrakoak kontrako lan horretan arituko gara".

Konpartsaren aurkako akusazio larriaren aurrean, Askapeña ez da bakarrik agertu gaurko prentsa agerraldian. Bilboko Konpartsak federazioa, Donostiako Piratak, Gora Iruñea eta Gasteizko Txosnetako kideen babesa izan du. "Nazka-nazka" eginda azaldu da Bilboko Konpartsen izenean mintzatu den Itxaso Perez bozeramalea. "Zentzugabekotzat" jo du Askapeñaren aurkako disoluzio eskaera eta garaiz kanpokoa dela esan du: "Badirudi denboran ezin dugula aurrera egin, maiztasun handiz atzerantz salto egiten duen denboraren makinan harrapatuta. Makina horrek behartzen gaitu gure elkartasuna agertzera eta, bereziki, elkartasuna ez dela delitua errepikatzera. Kasu honetan, elkartasun internazionalista ez dela delitua".

Jai herrikoiak ezin dira ilegalizatu
Argi utzi dute jai eragileek "Askapeñak eta beste konpartsok lan egiten jarraituko dugula 1978tik hona egin dugun bezala, jai herrikoiak, parte-hartzaileak, parekideak, iraunkorrak eta euskaldunak egiteko". Hain arrakasta handia duen eta, urtez urte, Bilbon, Iruñan, Gasteizen zein Donostian berresten den jai eredua. "Espazio politiko askori gustatu ez eta, gure lana desbideratzeko asmoz, honelako trikimailuz eraso egiten duten jai eredua. Bada, esandakoa. Jarraitzen eta jarraituko dugu elkartasuna hertsatzen ez duten jai herrikoien alde lanean, eta hori ezin da ilegalizatu, jai herrikoiak ezin dira ilegalizatu, Auzitegi Nazionaleko jaun eta andereak, eta hori hemen, mundu errealean erabat zabaldutako sentsazioa da jendartean".

iturria: uriola.eus

0 comentarios: