Martxoak 8, izan zirelako gara!

ostirala, martxoa 08, 2013 Askapeña konpartsa 0 Comments



'Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna' 1911ko martxoaren 19an ospatu zen lehen aldiz, 1910ean Kopenhagen egindako Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarrak Clara Zetkin komunista alemaniarrak proposatutakoa onartu ondoren. Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan burutu zen aldarrikapen egun hartan milioi bat lagun bildu ziren;  emakumeentzako botoa, kargu publikoetara iritsi ahal izateko eskubidea, lanerako eskubidea edo berdintasuna hezkuntzan aldarrikatu zituztelarik.

1917an eta Lehenengo Mundu Gerran murgildurik zeudela, Errusiako emakumeek greba egin zuten "ogia eta bakea" eskatuz. Gerrak 2 milioi soldadu hil zizkien, goseteak matxinadak eragin zituen eta langabezi bortitzak greba gogorrak sortu. Testuinguru horretan eta Otsaileko iraultzaren altzoan, eduki politiko eta ekonomiko indartsuarekin manifestaldi eta mitinak eraman zituzten aurrera otsailaren 23an (gure egutegian martxoaren 8a dena, hain zuzen). Aldarrikapenak, gerraren amaieraren aldekoak izateaz gain, Errusiako monarkiaren kontrakoak ere izan ziren, eta hala lortu zuten lau egun beranduago tsarrak bere kargua utzi eta behin-behineko gobernuak emakumeei boto eskubidea ematea. Pasarte hauek izan ziren 'Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna' martxoaren 8an finkatzearen arrazoia.

1977an Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8a berrizendatu zuen 'Emakumeen Eskubideen eta Bakearen Eguna' deituz; ohikoa den bezala, izena, izana eta sena erabat despolitizatu nahian.

Historiak erakusten digu zein den emakumeon borrokaren erroa, esplotazio eta zapalkuntza oro gainditu nahi dituena, alegia. Mende bat lehenago gorpuztu zen borrokaren protagonistak emakume sozialistak, komunistak edo anarkistak izan ziren; edo, beste modu batean esanda, antikapitalistak eta antiinperialistak. Era berean, feminista haiek internazionalistak ere bazirela zalantzarik ez dago. Ezin baita ulertu sektore zapaldu baten askapen borroka bat, edozein zapalkuntza motaren kontra dagoen beste proiektu baten barne ez bada.

Gure herrian dugu adibide ona, bertan emakumeok zapalkuntza hirukoitza pairatzen baitugu: klase, nazio eta genero zapalkuntza. Gauzak horrela, euskal emakume langilearen borroka esparrua genero zapalkuntzarenaz haratago doa, nahiz eta kasu askotan zaila den jakiten non bukatzen den bat eta non bestea hasi. Edozein kasutan, euskal emakume langileon askapenak hiru zapalkuntza iturri horietan du jatorria; beraz ezinbestean izan behar dugu feministok antikapitalistak eta antiinperialistak ere, hiru frentetan garaituz bakarrik lortuko baitugu aske izatea.

Bestalde eta modu berdinean bere burua antikapitalistatzat eta antiinperialistatzat hartzen duenak ezin dio antipatriarkala izateari uko egin; zapalkuntza eta esplotazio gabeko mundu baten alde borrokatzen duenak ezin baitu populazio erdia zuzenean zanpatzen duen sistema patriarkalaren aurrean ezikusiarena egin.

Eta patriarkatua, kapitalismoa eta inperialismoa mundu osoko zapalkuntzaren zehar lerroa badira, zer egin beste herri borrokalariekin? Nola antolatu gintezke munduko emakume langileok? Askapenan behin eta berriro azpimarratzen dugu internazionalismoaren garrantzia nazio zein klase askapenerako; agian genero askapenerako tresna bezala ez dugu behar beste goraipatu internazionalismoa, baina izan bada. Internazionalismoaz baliatuz egiten dugulako lana beste herrietako feministekin batera; internazionalismoaren printzipioetan oinarriturik bakarrik errespetatuko baititugu gainontzeko herrien erritmoak, kosmobisioa, kultura edota ohiturak; internazionalismoaz baliatuz utziko dugulako eurozentrismoa alde batera. Azken finean herri bakoitzaren sena eta borroka moldeak errespetatzera eramango gaitu eta, horrela, bakoitza bere esparrutik, bere herri txiki edo handitik, lorpenak gehituz patriarkatua ahultzen joango gara; beste herrietako emakumeei mesede eginez eta besteen garaipenetaz gu geu baliatuz, beti ere etsaia indarrustuz. Eta, nola ez, gure askapen propioa izango delarik gainontzeko borroka feministei egin diezaiokegun ekarpenik garrantzitsuena, klase edota nazio askapenekin gertatzen den bezalaxe.

Beraz feministok internazionalistak ere izatea da naturala; era berean internazionalistok feministak izatea ezinbestekoa den bezala.

Gora borroka feminista, gora borroka internazionalista!
Izan zirelako gara!

0 comentarios: