Bilboko inauteriak badira hemen!

astelehena, otsaila 04, 2013 Askapeña konpartsa 0 Comments

"The City Mayors Foundation" fundazioak iragarri du, Berorren Udal Gorentasuna, Iñaki Azkuna Jauna (hemendik aurrera BUG) Munduko Alkaterik onena dela.

Hori sorpresa! Ondorio horretara ailegatzeko luze ibili dira eztabaidan eta are lotsagarriagoa dena, BUG beste Munduko Alkateekin alderatzen ibili dira! Gauza guztiz zentzugabea dena, Begoñako Ama errekako itsas-arratoiekin alderatzea bezain zentzugabea.



BUGek Gran Viatik desfilatzea debekatu egin digula eta horregatik guztiz atsekabeturik gaudela esan egin da, baina bai zera! Bilboko Konpartsetan jakin badakigu BUGentzat bere seme-alabak bezalakoak garela. Baina ziur gaude horren Aita ona izanda, eta Bilboko Inauterietan beti izaten dugun eguraldi eskasa kontuan hartuta, BUGek desfilearen ibilbidea laburragoa egiteko aukera oparitu egiten digula katarroa ez harrapatzeko. 

Hori dela eta pozaren pozez ondoko egitaraua prestatu dugu:

Otsailaren 7an, osteguna. Plaza Barrian Farolin eta Zarambolasen epaiketa eta gero txorizo banaketa egingo dugu eta 20:30 aldera Alde Zaharrean zehar Trapu Zaharrak kalejirari hasiera emango diogu. Kalejira honetarako trapu zaharrez betetako kutxa batzuk izango ditugu nahi duen guztia mozorratuta joateko.

Otsailaren 9an, larunbata. arratsaldeko 6etan Desfilea egingo dugu (ez ahaztu gure omenaldirako sorpresa!) Plaza Zirkularretik abiatuta Buenos Aires kalea zeharkatu Udaletxeraino, hortxe desfilearen epaileak egongo dira balorazioa egiteko eta gerora banatuko diren sariak aukeratzeko, eta hortik Arriagaraino joango da desfilea. Sari banaketa gaueko 21:00ak edo 21:30 aldera izango da Plaza Barrian.

Otsailaren 10an, igandea. berriro Plaza Barria berreskuratzen dugu Indaben Lehiaketarako. Goizeko 9:00etan hasi egingo dena eta izena ematea doakoa izango da.

Eta amaitzeko Sardinaren ehorzketan Bilbo osoa parte hartzeko deia egiten dugu, arratsaldeko 19:30ak aldera Plaza Barritik Arriagaraino joango da. Bertan sardina erretzen ikusiko dugu eta inauterien amaiera izango da.

Herriaren parte-hartzearekin eta gure omenaldi sentikorraren bitartez benetan BUGen eta berak jasotako sari ospetsuaren neurrira egotea bihotz bihotzez desiatzen ari gara.

Horretaz gain gure konpartsa zabalik dago pertsonen parte hartzeari eta nahiko bazenu e-posta bat bidaltzea (askakonpartsa@gmail.com) informazio eske baino ez duzu.


Iturria: Bilboko konpartsak (moldatuta)

0 comentarios: