Iñigo Cabacas - STOP bortizkeri poliziala

osteguna, apirila 19, 2012 Askapeña konpartsa 0 Comments



Iñigo Gogoan herri ekimenak deitu du mobilizazioa. Pilotakada jaurti zuen ertzaina identifikatu ez dutela sinisten ez dutela salatu dute eta ikerketa “garden eta independentea” eskatu. Stop Bales de Goma elkarteko kideek gogorarazi dutenez, Katalunian sei lagunek begia galdu dute azken hiru urtetan.
Iñigo Gogoan herri ekimena Iñigo Cabacasen heriotzaren harira sortutako mugimenduak prentsaurrekoa eman du gaur larunbat honetan Ertzaintzaren pilota batek jota hildako gaztearen omenez eta Poliziaren indarkeriaren aurka.
Agerraldian Urtzi Ugalde eta Alfonso Aranguren herri ekimeneko kideak izan dira eta beraiekin batera Nicola Tanno eta Carles Guillot Kataluniako Stop Bales de Goma elkarteko bozeramaileak egon dira. Tannok eta Guillotek, gomazko pilotek eragin ditzaketen kalteak beren larruetan jasan izan dute lagunak, begi bana galdu zuten, ikerketa “osoa eta gardena” egingo duen batzorde independente bat osatzeko eskatu dute Cabacasen heriotza eragin zuen agentea identifikatzeko.
“Ez dugu sinisten oraindik ez dakizuela nork erail zuen Iñigo, eta nork agindu zuen kargatze”, adierazi du Ugaldek, eta beren kontura barrerik ez egiteko eskatu diote Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari.
“Justizia eta egia” galdegin dute eta joan den astean esan zuen bezala, erantzukizun osoa hartu eta dimititzeko exijitu diote Aresi.
Horrekin batera, egungo polizia eredua aldatzeko beharra dagoela azpimarratu dute, “segurtasuna eman baino, beldurtu egiten gaituelako”. Ertzaintza birplanteatzeko ordua iritsi dela uste dute “bakean bizi nahi dugulako”, adierazi dute.
Horregatik guztiagatik eta indarkeria polizialaren amaiera aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan, hilak 21, arratsaldeko 17:30ean Bihotz Sakratutik.
Sei begi hiru urtetan
Tannok eta Guillotek beren aldetik, Cabacasen bizia eraman zuenaren moduko jokaeren ondorioz Katalunian azken hiru urteotan sei lagunek begia galdu dutela eta lagun askok gorputzeko beste hainbat tokitan pilotakadak jaso izan dituztela gogorarazi du. “arma hilgarria da, neurriz kanpokoa eta kontrolaezina”, ziurtatu du.
Orain arte, Katalunian ez da biktimen aldeko epairik egon eta auzi guztiak artxibatuak izan dira. Gainera, epaileek ez dute erantzuleak identifikatzeko agindurik eman edo kasu askotan identifikatzeko ezintasuna dagoela argudiatu dute.
Halaber, EAEn 2013an egingo duten bezala, Katalunian ere gomazko balak berehala debekatzeko eskatu dute. “Kataluniar bat hil egin behar al da Generalitateko Gobernuak erabaki hori har dezan?”, galdetu du Guillotek.
Tanno 2010eko uztailean zauritu zuten Mosso d’Esquadra batek gertu gertutik gomazko bala bat begira jaurtita. Espainiako futbol selekzioak Munduko Kopa irabazi osteko ospakizunak grabatzen egon zen Tanno, eta bat batean, agente bat agertu eta inolako arrazoirik gabe burura egin zion tiro.
Guilloten kasua ezberdina da. 2001ean okupatutako zentro baten hustearen aurkako protestetan parte hartzen ari zen Polizia Nazionalak pilota batekin jo zuenean. Begia galdu zuten biek.

0 comentarios: